XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I.C. Ekonomia.

Ezin daiteke esan ez dela Zuberoan industriarik izan Be-Nafarroan baino askoz gehiago bai, baina industria hori monoprodukzio edo ekoizpen batekoa izan da aintziña:

lehenik espartina eta gero sail berdineko oskia (zapeta) egin da gehien bat.

Industria horiek aintzinako zuberotar eskulangileen jarraipenak dira, eta langile asko eskatzen dutenak.

Zoritxarrez 1959ko krisia gainditu ondoren eta nagusien artean zerbait batasun eginik ere, Txinako konkurrentziak itotzen du Maule 1988an.

Larru eta espartatik kanpo, kautxua ere lantzen baldin bada ez da salbapenik hor.

Halaxe duela hogei urte galdu zen Atarratze, Ligi eta Mauleko oihalgintza linge basque delakoa egiten zuena orain delako euskal-oihala gehien bat Euskal Herritik kanpo egiten delarik eta Maule-k bere industriarekin herria desertu bilakatzea frenatu baldin badu, geroa beltz da,

eta Atarratzen erabili zen industriaren aurkako jokabideak, herriari 300 bizizale galerazi zion eta menditar gazteria herrian egoteko itxaropena.

Nekazaritzak berriz ez du hainbeste eskuren beharrik, dena mekanizatu baita, eta makinekin aldapatsuegi ziren lurrak eta etxaldeak hustu eta utzi baitira, emigraketa bideak hartuz.

Orain, bereiziki menditar laboraria, subentzioz bizi da.

Goi-mendietako laguntzak urtero 20.000-40.000 libera hartuz etxaldeka (400.000-800.000 pta.), gero gauza asko amankomunean edo dohainik eginaraziz (bainuak, gelak, arditegiak) eta azkenik errenta zergarik ez ordainduz, etxaldea txiki ala haundi izanikan ere.

Zerbitzuak berandu agertu dira, herrian, trena hil da, autobus gutxi eta ez Basaburuan garraioak kamioiez karretera txarretan (oraintxe zabalagotzen hasiak).

Bankak azaldu dira etxeetan dirua baita oraintxe, erretiroa ordaindu izan gabe nekazari guztiek errenta kobratzen baitute eta gastatzeko ohiturarik ez hartzen.

Bankuetan gehienak euskaldunak dira, saletxeetan asko (bereziki Atarratzen).

Orainarte medikuntza jendea ere euskalduna zen, baina goiko aldetik (mediku, farmazeutiko) erdaldunak sartzen dira, ez baita gehiago euskararen jakitea derrigorrezko, denek omen dakitelako frantsesa.

Duela hirurogeitahamar urte Indaretxea eraiki zen Ligin, trenaren ibilarazteko, jarraitzen du Santa Grazi aldetik hobetu da, herri honi elektrizitatea emateko eta Larraiñe aldetik uhaitzean zeiharka, beste bat egin ekoizpenaren bikuntzeko.

Turismoaren aldetik duela hogei bat urte Zuberoako Sindikatak mendi-herrixka bat eraiki zuen Iratin, orain mozkinemaile dena, asko iretsi ondoren (50. bat etxe).

Ihizea (usoa) sindikata horren irabazpide nagusia da, lepoan airera tiratzen direnei garesti subastatzen baitzaie.

Horiez kanpo herri askotan, baserri hustu batzu gobernuaren laguntzarekin berritu egin dira, gite rural edo baserri egoitzak alkilatzeko turistei, urte guztian, holakoetan maiz ikusten dira Bi ta SS matrikulak asteburuetan.

Elurtegi bakarra dauka Zuberoak Iratiko herrixkan, eta ez neguan ez udazkenean ez da beste atseden lekurik, ez eta eguraldia aski sano izan arren, eritegirik mendietan altxatu.

Azkenik Eroski-k kontratu bat izenpetu du Zuberoako baserri-egoitza federakuntzarekin.

Administralgoan ere, pixkanaka erdiak euskaldun dira, baina asko ofizialtasunari eusteko, frantsesez erantzuten dizute.

Gainera Basabûrûan jendetza eta humetza txikituz, halaber zerbitzuak galtzen dira: eskolak itxi egiten, erretoreek zazpi-zortzi parrokien buru gertatzen batzutan.

Ekonomian saio berri jakingarriak badaude ekoizpen bakarreko industriatik ateratzeko gehienak abertzale giro batean sortuak hala nola, Alkar metal-etxegintza, Deia informatika: ez dira nahikoak langabezia harrigarriaren ordezkatzeko;

halatan ere gazteak lanik gabe izan arren nahiago dira herrian egon eta askok familiako etxe haundia daukaten ezkero ez dute egoitza eta alkilatze arazorik, batzutan ere oilategi eta baratzeaz doi jatekoarena biltzen dute.

Ekonomia horrek, eta langabeziak etxeak hustu egiten ditu, eta neurri batean, jubilatuek, erretiratuek erosten dituzte, jendetza geroago eta ohi baino gehiago zahartuz.

Berritzapen nagusien artean, kanpotik etorri zitzaizkigun bi fabrika Wood-Mylne ospetsua, beti zerratu nahian dabilana eta beste bat nekazaritzari oldar eman diona Les Chaumes gaztagintza.

Halaxe ardien saldoa, artaldea goiti joan da esnetarako, gero koperatiba moduan Axuria taldeak arkumeen salketa hobetzen du;

behi hazkuntza nahiko eskaza da Zuberoan behiari txahal egitea baizik ez baitzaio eskatzen eta hauek Italiara saltzeko.

Herri auzoan bizi dira Ligin nere aiakoak aitaren etxondoan ez da iñor ezkondu, Osaba Sengraten etxea hutsik dago, Izeba Maider-enean langileak eta etxaldea utzita; inguruko baserri gehienetan ezkongabe zaharrak eta gazteak abio berdiñean.

Ligin esaten zidaten hogei urteez hogeita hamalau etxe zerratu egin direla, ondoko gabe, eta orain herri hortan hiltzeak jaiotzei buruzagi.

Ligi-n naski haur batez goitiko familiak badaude erdaldunak noski euskaldunen artean haur bakoitza badago, etxaldearen ez zatitzeko, modu berrian.

Gero Basabûrûtarrei galdetzen zaienean zergatik ez duten haur gehiago ez dizûgû aski sos horien hazteko.

Bai, segurantzarik gabe, etxean diru gutxirekin, lan guztiak eskuz eginaz, beren amek lau ume eduteraino iristen ziren eta hor denak daudelarik, erosotasunak, berekoitasuna sortzen baita haurrentzat handinahiak, haurren kopurua mugatzen ere, sekulan aintziña familia haunditan ez balitz gizarte-lorpen ederrik gertatu bezala?

Aitzakia errez da, baina jadanik Basabûrûan kilometrokal hamar biztanleez beheiti jaitsirik, ez dira konturatzen, (berentzat ere, ezin bizia adelatzen ari direla, zerbitzuak joango direlako eta jendetza zaharregi izango.)

Egia da mendialdean oso emigraketa gutxi dagoela, urrutira, geroago ta Euskal Herria egotenago da, eta itzultzeak ere ematen dira, gehienik, ordea, Pettiarrean kokatuz Basabûrûtarra baina jaiotzak dira garrantzitsuenak, eta bakanenak.

Zenbakiek haina sendagileek esango digute zergatik jendetza beheratzen den neurrian, ez den behinere gaur bezainbeste sendatzaile eta sendagile izan.

II. JENDETZA

II.A. Zenbaki hutsak eta ekonomia.

Biztanleak bizizaleak aspaldidanik agertu ziren Zuberoan:

ibarretan paleolitos garaiko aztarnategiak daude (Altzûrrûkû, Gamere) eta mendietan non nahi neolitos garaiko artzain kulturaren treku-harri, bide, gaztelu.

Gaztelu delakoak ordea, gehienetan, protohistoriakoak dira (...)